Pantxix Bidart, Alexis Therain - Metamorfosia


Nouveau

Pantxix Bidart, Alexis Therain - Metamorfosia

Référence: KD1601

En stock

12,50 €
10,00
Prix TTC,



Juan Gorostidiren artikulu bat :

BI MENDEETAN ZEHARREKO METAMORFOSIA

 

Arrazoi zehatzik gabe gertatzen zait batzuetan: musika ekoizpen uholdearen artean batekin edo besterekin geratzen naiz bere bakantasunean tratatu ahal izateko. Horixe suertatu zait uda honetan ere: jaso ditut batera elkarrekin lotuta eta, era berean, elkarrekin itxurazko zerikusirik ez duten bi lan eta behin eta berriz entzun ditut eskaintzen didaten mezua ulertu nahiz. Biak Baigorriko ZTK diskak zigiluak plazaratuak dira eta bietan ageri da Pantxix Bidarten partea. Behi Bideko Andere Xuriak du izena batek 2015ean grabatua, eta Metamorfosia besteak, Maiatz argitaletxeak 2016ean plazaratutako Jos Roy poetaren Balea izeneko liburua oinarri duena (frantsesez originalean, Lucien Etxezaharretak euskaratua).

         Balea liburuan ageri diren berrogei poemetatik zazpi aukeratu ditu Bidartek musikatu eta kantatzeko Alexis Therain gitarrista bikainarekin batera. Poema errezitaldi baterako dirudite prestatuak, poemen indarra eta nahia ageriago uzten duen zubi-lana eginez sortua baita kantua. Baina, kantuak dira? Zer da, bada, kantu bat? Modu zabalenean hartuz gero, hitz esanaren eta oihuaren artean dagoen guztia izan liteke hori, baina kantuari dagokion leku gehiena oso modu estereotipatuan indartu den formula batek betetzen du: hitz errimatuak, lelo-errepikak eta mezu zuzen eta sinpleak. Azken horri erreparatuz, oso urruti geratzen da Metamorfosia lanaren eredua, poema librea baita nagusitzen dena eta musikak ez baitu erraztasunik ematen hitzak nahiz melodiak gogoan atxikita gera gaitzaten. Bide bihurriak dira hitzez eta doinuz ematen zaizkigunak, iradokitzaileak bezain iheskorrak, poemetan dagoen giro urduriaz gure entzumena blaituz: “Ulertazue ongi larrialdi bat dela zeren / heriotzak bere buruan sinetsi du gure doblea dela &/ baleak itotzen direla &/ munduek –ene seme maite–/ elgarri tripak egiten dituztela denboraz & herraz…” dio diskoan bi aldiz musikatua den poemak. Ez dago kontzesio melodikorik, ezta instrumentazioan ere. Therainen gitarrak hitzek hainbat kolpatzen du entzumena, eta gozotzat hartuko ez dugun zerbait apurka irensteko gonbitea egiten digu.

         Behi Bideko Andere Xuriak lana, berriz, kopla eta bertso sorta zaharrez dago osatua erabat, XIX. mendean edo XX. hasieratan bildutakoak; irratiaren eta diskoen grabazioen eztanda gertatu aurrekoak, “oso aspaldikoak” alegia. Agerikoa da ezohiko arrakasta izan dutela “kantu zaharrez” osaturiko sortak gurean joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera diskoa formatua arrunta bihurtu zenetik musika zabaldu eta entzuteko. Abangoardian saiatzen ziren eta direnen artean ere gordailu zaharretara jotzen dute oso maiz, Laboaren belaunaldikoak kantu haiekin liluratuta geratu zirenetik. Asko zabaldu dira, bai, kantu eta kopla zaharrak, baina zer dute horiek garaikidetasunetik, behin eta berriz haiengana jotzeko eta joera hori justifikatzeko neurrian? Marie Bidartek, Mirentxu Aguerrek eta Pantxix Bidartek egin duten saiakeran galdera hauen erantzuteko intentzio argia agertzen da, eta horregatik gaiari bere orokortasunean heltzeko aukera eskaintzen digutela uste dut. «Modernoentzat, tradizionalegiak izanen gara, eta tradiziozaleentzat, modernoegiak» zioten BERRIAko elkarrizketan, beste argibideren artean. Tradizionalak dira molde zaharrei jarraitzen diotelako hitzetan, errimetan edo melodietan; baina egungo batek bere erara interpretatzeko hartuko lukeen moldeak beldurrik gabe erabiliz –eta batez ere 70ko hamarkadako rock musikak kantagintzan ekarri zuen iraultza onarturik–. Bistakoa da hori tratamendu erritmikoetan eta instrumentazioan, eta baita une batez Deep Purple bezalako talde bati egiten zaion keinuan ere, 1970 Child in Time kantuaren txertaketa aproposean, Gure etxen badira bertso saioan. Kantu horrek “familia drama bat kontatzen du, sexu engainatzeak oinarri. Batek: «gizatzar zunbaiteki pilaz gainkatürik» leporatzen diola besteari. Besteak: «Oilo bat jan duñala jaun errejentareki», musikarien hitzetan. Eta zer dio Child in Timek? “Sweet child in time / you'll see the line / the line that's drawn between / good and bad / see the blind man / shooting at the world / bullets flying / oh taking toll / if you've been bad” (“Garaiko haur gozoa, begira ezazu ongia eta gaitza bereizten duen lerroa. Begiratu gizon itsua tiroka munduan, balak airean, ordaina pagatzera behartuz gaiztoa izan bazara”).

Geuretzat zahar diren kantu horien anbiguotasuna azpimarratzen da beti, denborak berarekin ekarri dituen aldaketen aldaerak neurtezinak bihurtzen zaizkigularik. Baina hortxe egon liteke hain justu hautua: “kanta ditzagun kopla horiek, baina egin dezagun geure erara, kantuak sorrarazten dituen oihartzunak pizteko ahaleginean” baliote bezala. Eta horretarako, oso gutxik kontuan hartu duten beste gai bat begiratu beharra dago aurrera segi aitzin: «Nola noten bihurguneak hartzen zituzten gainetik, azpitik, eskuinetik edo ezkerretik…», Marie Bidarten hitzetan, kantu komertzialean –berdin izan “herrikoi” ala “kultu”– suertatu den era «arrunt formateatua» alboratuz. Zorioneko gara afera honek gurean duen gaurkotasunaz gure musikari interesgarrienengan.

         Baina non geratzen da mundu horren berrinterpretazioaren eta Metamorfosia lanaren artean egon litekeen arteko zubi-bidea? Kantatzen diren gaietara jo behar dugu hori erantzuteko, eta gai horiek tratatzeko izan duten bilakaeran begiratu behar. Bi aukeratuko nituzke nik lanok tratatzen dituztenen artean nagusi: amodioari loturikoak eta identitatearekin zerikusi zuzena dutenak. Amodioa da mundu zaharrean ia ezer beste ez duen horri geratzen zaion bizipen gizatiar bakarra eta, maitasuna kantatzen duenean, bertan adierazten ditu bere sentipen sakonenak: “Ahal balitz ene begia zerraturik,/ Ene maite gaztearena argiturik,/ ezar niro ene odola ixuririk” (Zelüko izarren bidea), beste aunitzen artean. Eta maitasuna jarraitzen du izaten ardatz belearen irudia metafora nagusi gisa hartuta haren ezina ala nostalgia irudikatzerakoan Metamorfosian ere: “Amodio hi/tzez kan/poan bizi nahi /ginuke ene /maitale lurrak jun/tatu baina kanpoa iragan…” (Amodio hi) edo “Ferekatzen dut gure / larruak hunkitu gabe –balea beste nonbait da–/ noka mintzo natzaio baina ez da mugitzen –urrunegi–/ izpiritu & kantuzko lehengo mendi edo lanbro batuketaz bermoldatua” (Ur bitxiak).

         Bigarren gaiari dagokionez, identitatearena –“nor naiz”, edo “zer nahi dut” galderei erantzun nahiz sortzen denarena, maitasunari estuki lotua, bestalde–, hor ageri da elkarrizketa moduan kantu zahar askotan, bizimodu berri baten bila Ameriketara joan nahi duenak geratu nahi duenarekin ezin ulertuan (Juan gogo naiz…) kasu, edo Itsuak eta sastreak duten liskarretan. Ez al da auzi bera Metamorfosian agertzen zaigun nagusia? Aipatu dudan “Ulertazu ongi larrialdi bat dela” errepikatua ez da salbuespena: “Dentsitate ideala jarraitzen / des-dilindatuz zubiak & elemenia / jauzian aztaz azta / itsasoa zeharkatzen” (Dentsitate ideala). Halere, ezin azpimarratu gabe utzi kantu zahar haien eta egungo moldeetan adierazten direnen arteko distantzia eskerga. Lanbro artean edo gutxi batzuen arazoa zirudiena ez horren aspaldian –gehiengoari egokitu zitzaion patuari jarraitzea baino ez baitzitzaion bururatzen denbora zaharretan–, egun gehiengoari eta neurri handi batean norbanako isolatuari ezinbestean aurpegiratzen zaion galdera da. Denboran oso urrunetik datorren kontua gurean azken berrehun urteko bilakaeran orokortu dela esan genezake eta, zentzu horretan, herri-kantuen adierazbideak izan duen bilakaerak balio digu aldaketa hori konfirmatzeko eta haren arrastoei jarraitzeko.

         Metamorfosiaren adierazpen poetiko eta musikalean ez da geratzen kantu zaharragoek erabiltzen zituzten makuluen arrastotik. Poema horiek ozen esan eta kantatu eta, aldi berean, bertso eta kantu zaharrek duten indarra beretzat nahi duenak ezingo du “betikoak bailitzan” bezala tratatu, ondare arkeologiko huts gisa. Tentsio horren adierazle egin zait Behi Bideko Andere Xuriak eta Metamorfosia bata bestearen ondoan entzutea.

 

Juan Gorostidi, 2017ko uda

Parcourir également ces catégories : CD, ZTKren saltegi birtuala